Ekainak 19tik 23a arte, Kutxa Kultur Plazan eta astean zehar, erakusketa ikastetxeentzako zabalik izango dira goizez.
Jakina da, arteliburu21en lan-eremua, liburuaren arte eta ofizioak direla; eta, zehazki, artista-liburua eta arte-koadernaketa. Egungo haur, nerabe zein gazteek orokorrean, Artista Liburuari buruzko duten ezjakintasuna ezezik (helduek bezala), ohiko liburuek izan duten eta gaur egun duten garrantzia informatiboa zein kulturala ez dutela ezagutzen, beraz, ezta baloratzen ere ikusi dugu. Eta kontraesana dirudien arren, 20. Mendean sortutako artelan/disziplina den Artista Liburuak, haur, nerabe eta gazteek ohiko liburuaren balioa hausnartu dezaten, ezin hobea zaigun diziplina dela konturatu gara. Antzinako buztinezko oholtxoetatik hasi, miniaturiko kodizeetatik igaro eta gaur egungo liburu elektronikoetaraino, ideiak idatziz edota marrazki bidez gordetzeko eta transmititzeko tresna bat baino ez da liburua, eskuz erabil daitekeena. Ez dio axola ideia horiek zizelkatuz edo bide elektronikoz idatzi diren, ezta erabilitako euskarria harria, papera edo pantaila likidoa den. Guzti hau kontutan izanda, haur zein nerabeentzako espresuki jarritako erakusketa-gidatu-didaktiko bat antolatuko dugu 2017ko ekainean. Gizakiak bere ibilbide historikoan informazioa (kultura!!!) transmititu ahal izateko erabili izan dituen materialak, formak etab… ezagutaraziz. Hala nola, liburuak historian zehar izandako formak eta materialak, gaur egun, artelan gisa, Artista Liburuak ematen digunera iritsiz. Liburua maitatu eta baloratzen hasi daitezen helburuarekin, liburuak izandako forma eta material anitzak erakutsi ezezik, Zentzumen Esperientziak ere eskainiko zaizkie, liburuaren unibertsoa sentitzeko beste era batzuk badaudela jakinaraziz. Hala nola, beraien eskura bereziki jarriko ditugun objektuak usaindu, dastatu, entzun, ikusi, eta noski, ukitu ditzaten. Guzti hau tailer praktikoekin borobilduko ditugu, parte-hartzaileek beraien adierazmena landu dezaten |